Euskarabideak Euskara langai jardunaldia antolatu du Nafarroako esparru sozioekonomikoan euskara sustatzeko esperientziak erakus ditzaten

Langai4

 

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabidea – Euskararen Nafarroako Institutuko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik Euskara langai jardunaldia aurkeztu dute. Helburua da Nafarroako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea eta Foru Komunitatean dauden esperientziak erakustea. Topaketa maiatzaren 24an izango da Baluarten eta izena emateko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik, egun hori barne, www.euskaralangai.eus webgunean.

Jardunaldiaren aurkezpenean izan den Ana Ollo kontseilariaren esanetan “ekimen hau bat dator departamentuko lerro estrategikoekin”, eta erantsi du “euskerak esparru sozio-ekonomikoan dagokion tokia betetzen has dadin ezinbestekoa dela esparru honetan duen balioa sozializatzea eta euskera inbertsioarekin lotzen duen ideia barreiatzea”. Aipatu du kontseilariak, “Nafarroan gero eta enpresa gehiago daude euskera sustatu nahi dutenak, bai bere barne funtzionamenduan (lanerako hizkuntza) eta bai kanpoko bere jardueran (zerbitzurako hizkuntza), eskualde guztietan, egoera sozio-linguistiko hala nola jarduera ekonomiko oso ezberdinetan, eta hori partekatzea interesgarria da”.

Mikel Arregi Euskarabideako zuzendari gerenteak agerian jarri du euskerak herritarrei ematen dien zerbitzuan dakarren balio erantsia: “bistaratu eta baloratu egin beharra dago halaber euskeraz ematen diren zerbitzuen prestazioak duen eragin positiboa”. Arregiren esanetan, bezeroen, alegia herritarren eskariak eta nahiak hobeto asebetetzeko helburua jarraituz,  Euskarabideak planifikazio eta elaborazio zehatzak abian jartzeko ekarpenak egin nahi ditu. Beraz, aipatu du “lehentasunetako bat dela euskera enpresen eta bezeroen artean barne hartzeko erremintak eta aplikazioak sortzea. Gure helburua da –erantsi du- euskeraren sustapenean eta erabileran interesatutako enpresa-sare sendo bat identifikatu, bateratu eta eratzea. Horrela elkar laguntzen dugu eta elkarrengandik ikasten dugu, gure baliabideak partekatuz”.

Programak Nafarroako eta hemendik kanpoko esperientziak bistaratzen ditu

Jardunaldia 9:00etan hasiko da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollok hitza hartzen duenean eta programa eskura dago Euskara Langai webgunean.

Edukiaren sarrera Mikel Arregi Euskarabideako zuzendari gerenteak egingo du, zeinek aurkeztuko dituen Nafarroako Gobernuak euskera lan-munduan sustatzerakoan erabili ahal dituen erremintak eta baliabideak. Jarraian azalduko dira jadanik Nafarroan abian diren praktika egoki batzuk (Mapsa, Ederlan, Osasuna Fundazioa, besteren artean) eta segidan Nafarroatik kanpoko hainbat esperientzia egokiren berri emango da, horiek ere erreferenteak izan daitezkeenez (Lanabes, Euskaragileak eta Indeus). Gero, gazteriaren  errealitatea eta itxaropenak aztertzeko bere ikuspegia emango da ezagutzera, enpresari gazteen partaidetzarekin. Jardunaldia amaitzeko, euskeraren esparruan lan egiten duten aholkularitza ezberdinek Nafarroaren erronkak identifikatzen lagunduko dute. Azkenik, esku-hartze guztien ondoren, galderetarako tarte bat irekiko da.