Euskara langai

Euskara Nafarroako alor sozioekonomikoan

Beraien lan jardueran euskara txertatzeko lanean dihardute Nafarroako enpresa askok. Batzuk hasiberriak dira eta beste batzuk urteak daramatzate euskara beraien egunerokoan txertatzen; tamaina, eskualde eta jarduera ekonomiko ezberdinetako enpresak. Bakoitzak bere aldetik urrats garrantzitsuak eman ditu arlo sozioekonomikoan euskara txertatzeko lanean, bezeroak hobeto artatzeko, ikusgarritasuna lortzeko edo euskara lehiakortasunerako giltzarri dela ikusi dute. Horregatik ekin diote bideari.

Euskarak alor sozioekonomikoan duen garrantziaz jabetuta, enpresa eta entitate ezberdinen praktika on horiek guztiak azaleratu nahi ditugu, euskara txertatzeko lanean ari direnei bultzada eman eta horretan hasi nahi dutenei erakusleiho bat eskainiz.

Euskara langai proiektua sortu dugu, Nafarroan hizkuntza kudeaketarekin erantzukizuna duten enpresen elkargune izateko asmoz. Barrura begira edo-eta bezeroekiko harremanetan euskara ere baliatzen duten edo baliatu nahi duten gero eta enpresa gehiago identifikatzea, elkartzea eta sare sendo bat osatzea da helburua, gizartearen isla izango dena. Bakoitzak bere egoera dauka, bere helburuak, bere erritmoa… baina helburua da elkarri laguntzea, elkarrengandik ikastea, ereduak zein baliabideak eskaintzea eta elkarrekin erronkari aurre egitea Nafarroako alor sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen laguntzeko.

Jardunaldia

Euskara langai jardunaldiarekin ekingo diogu bideari. Bertan, euskara txertatzen eredu diren zenbait enpresaren praktika onak ezagutuko ditugu, Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen baliabideen berri izango dugu eta Nafarroatik kanpo dauden praktika ezberdinen inguruko informazioa ere jasoko dugu. Bai Euskarari Elkartea arduratuko da jardunaldiaren kudeaketaz.

Jardunaldira bertaratuko diren enpresetako ordezkariak identifikatuta sentitzea nahi dugu, beraiek ere beren enpresetan euskara txertatzeko aukera dutela eta etorkizunean enpresa eredu gisa aritu ahal izango direla ikusarazi nahi diegu. Euskara lan-munduan txertatu nahi duten enpresa guztien ispilu dira jardunaldian adibideak emango dituztenak. Izan ere, edozein urrats txiki lorpen handia izan daiteke euskara lan-munduan txertatzeko.

Nafarroan aurrekaririk gabeko esperientzia izango da Baluarten biziko duguna. Tamaina, eskualde eta jarduera ekonomiko ezberdinetako enpresak elkartu eta euskararen inguruko erronkei nola aurre egin ikasiko dugu, elkarrekin.

Maiatzaren 24an, 9:00etatik 13:30era, Iruñeko Baluarte Jauregian duzu zita.

Izen-ematea itxita dago